Historialari batzuek euskaldunak, indoeuropar populuen inbasioa gertatu baino aurretik, Europan bizi ziren antzinako biztanleen ondorengo bakarrak direla diote. Berriki aurrera eramandako ikerlan arkeogenetikoek, antzina gertaturiko giza-emigrazioak azaldu nahi dutenak, azken glaziazio haundiaren ondoren (orain dela 20.000 urte), egungo Frantzia eta Espainia abiapuntu bezala izan zuen kolonizazio-prozesu batera abiatzen gaituzte. Europa kolonizatzen hasi zen gizaki hauen ADN mitokondrial hurbilena, arkeogenetikarien aburuz, gaur egungo euskaldunena delarik. Honek euskal populua euskal erroko hiztun zen aurreindoeuropar Europako azken aztarnatzat jotzen duen teoria indarberritu du. Arkeogenetikako ikerlan hauen arabera, K.a. 16.000.etik aurrera, klima epeltzen joan zen antzineuskaldunak (antzinako euskaldunak) Europan hedatzea lagunduz. Zabalkuntza honek, ikerlan hauen arabera, bere abiapuntua iberiar penintsulako ipar-herenean eta Frantziako hego-erdian izan zuen, non franko-kantabriar zibilizazioa zegoen, hipotesi honen iritziz, euskal kulturaren arbasoa dena; iparralderantz, Errusia eta Eskandinaviaraino barreiatuz eta, hegoalderantz, Afrikako iparraldean zehar, Tuniseraino.

Delikako ur-jauzia (Araba)Theo Vennemann-en iritziz (Munich-eko Ludwig-Maximilian Unibertsitatean Hizkuntzalaritza Teoriko eta Germanistikako katedraduna), europar historiaurreko toponimiaren ikerkuntzak Pirinio aldean hasiriko aintzineuskal hedapen batera zuzentzen gaitu; ibai, mendi, haran eta aintziren izenak baitaude erro indoeuroparrekin antzekotasunik ez dutenak baina bai euskal erroekin. Hedapen honek, Europan zehar, aitzineuskara edo historiaurreko euskararen zabalkuntza ekarriko zuen; antzinako euskaldunak, Theo Vennemann-en aburuz, beren ibilbidean aurkituriko elementu geografikoei izena ematen joan baitziren. Beraz, Theo Vennemann-ek dioenez, europar toponimian euskal substratua (1) ugaria da.

(1) Hizkuntza-substratua: lurralde bateko hizkuntzak lurralde berean finkatzen den beste hizkuntza bati egiten dion eragina.

Ibai euskal hitzatik ibar hitza dator, eta erro hauek Europako anitz ibaietan aurki ditzakegu. Serbia eta Montenegron Ibar ibaiarekin topatzen gara. Alemaniako Hessen-en Ibra ibaia, hegoalderago, Ebrach ibai bi eta Eberbäche izeneko beste batzuk. Alpeetako mendixketako oinean Ebesberg deritzona. Edota Austrian Ybbs-eko hiria eta ibaia. Frantzian Ivergny, Iverny, Yvré-l'évêque, Ébréon, Évrune, Ebersheim, Yvry-en-montagne eta Euskal Herrian Ibarra, Ibarrola, Ibarrekolanda, Ibardin, Aranibar topa ditzakegu. Ebro ibaia ahaztu gabe, Iber hitzatik datorrena eta populu oso bat, iberiarrak, eta iberiar penintsula izendatzeko balio izan zuena.

Ur erroa duten hitzek: Urola, Urura (Euskal Herria); Urofia, Huriel (Frantzia); Ourte (Belgika); Urwis (Polonia); Ura (Errusia); Aurach, Auerbach, Urach, Urbach (Alemania); Urula (Norvegia).

Zibilizazio franko-kantabrikoa. Labar-artea Lascaux-n (Périgord, Frantzia)Haran euskal hitza erro bezala hartuz, Theo Vennemann-ek Europan toponimo ugari aurkitzen ditu: Arundel (Ingalaterra), Arendal Norvegia eta Suedian. Alemanian Arnach, Arnsberg, Arnstern, Aresburg eta Ahrensburg. Baita Ohrenbach, antzina Aranbach deitzen zena, eta lehen Marnstein (edo Arnstein-en) deitzen zen Palatino beltzeko harkaitzeko gainaldea. Lleidako probintzian dagoen Aran-eko bailara ahantzi gabe. Iz- erroa (euskaraz ura esan nahi duena) Norvegia, Italia eta Errusiaren artean dauden 200 ibaien oinarrian legoke.

Joseba Andoni Lakarrak, hizkuntzalaria eta aitzineuskararen ikertzaileak, teoria hau baztertzen du, bere iritziz, Vennemannek euskararen gaur egungo gramatika, fonetika eta erroak erabiltzen dituelako, kontuan izan gabe euskara, egun, oso ezberdina dela historiaurrean hitz egiten zenarekin erkatuz. Hortaz, Vennemannek egiten dituen alderaketa asko, Lakarraren aburuz, balio gabe geratzen dira. Bestalde, Lakarrak adierazten du, Vennemannek berba erkaketetan erabilitako eransketa ez dagoela bat historiaurrean mintzatutako euskararekin, garai haietako aitzineuskararen ikerketan zantzuak aurkitu baitira euskal hizkuntza ez zela eranskaria edo eransketa gutxi zuela pentsatzeko.

Vennemanek, adibidez, bere erkaketetan aitzineuskaran existitzen ez zen har- erakusletik datorren -a artikulua erabiltzen du, euskal gramatikan, hizkuntz erromanikoen eraginez, Erdi Arora arte ez zena erabiltzen hasi.

Ez bakarrik Vennemannek, beste hizkuntzalari batzuek ere, Europan zehar hitz egindako mintzaira kontserbatzaileetan euskal substratuaren balizko aztarnak aurkitu dituzte, ikerlan batzuk geroago ezagutzen joango garenak.

 

 

 

Elkarbanatu orrialde hau!

 

 

 

 

Euskararen Historiak hurrengo orrialdean darrai >> Aitzinzeltaren euskal subtratuaren teoria