Hizkuntzalaritzak gaur egun aurrerago azaldutako teoriak ez ditu behar bezain frogatutzat jotzen eta euskara mintzaira isolatua (5) bezala sailkatzen jarraitzen du.

(5) Mintzaira isolatua: hilik ala bizirik dagoen beste hizkuntza batekiko ahaidetasuna frogatuta ez daukan mintzaira naturala eta, gainera, mintzaira-familia bateko partaide ez dena (hots, bera da bere familiaren kide bakarra). Ainuera, japoniera, sumeriera halaber euskara isolatuak bezala sailkaturiko hizkuntzak dira.

Joseba Andoni Lakarra eta Larry Trask hizkuntzalariek, aitzineuskararen (6) berreraikuntzarako ikerkuntzen emaitzak kontuan izanda, aurretiaz aztertutako teoriek ez daukatela oinarririk eta euskara mintzaira isolatua dela diote. Aitzinean euskara indoeuropar zabalkuntza baino arinago hizkuntzen familia bateko partaidea izan bazen, hizkuntza hauek desagertu egin ziren eta hauen aztarnarik ez zen gelditu, ez baitute behar bezain frogatutzat jotzen, Euskal Herria, piriniar gunea eta Frantziako hego-erditik kanpo, euskal substratuarekin ahaidegarria den hizkuntza-substratu baten existentzia.

Euskararekin ahaidetu nahi izan diren hizkuntzekiko harremanak hipotetikoki garai neolitikoan eta, batez ere, historiaurrean eman beharko ziren. Okerki, Trask eta Lakarren arabera, gehienetan, harreman hauek frogatzeko erabilitako erkaketetan latindar, zelta eta are arabiar jatorriko euskal hitzak ere erabiltzen dira edota euskal berbak gaur egun daukaten itxurarekin, kontuan izan gabe euskal hiztegia, mintzaira guztietan bezala, historian zehar asko eboluzionatu duela.

Egun euskara hizkuntz eranskaria den bitartean, non hitz bakar batean esanahi ezberdinak erants daitezkeen, hasierako euskara edo historiaurrean hitz egindako aitzineuskara, Lakarraren arabera, deklinazio gabeko edo gutxiduna zen eta baita isolatzailea ere, hau da, berba bakoitzak bere esanahi ezberdina zuen, vietnameraz gertatzen den bezala.

Aitzineuskaraz izenak eta adjektiboak batez ere bisilabikoak ziren eta aditzak monosilabikoak. Gaur egungo euskaran, aldiz, eransketa dela eta, hamar silaba baino gehiago daukaten hitz konposatuak aurki daitezke. Egungo euskaran aditza esaldiaren amaieran doan bitartean aitzineuskaran aditza hasieran zihoan.

Egungo euskara eta aitzineuskara oso hizkuntz ezberdinak ziren hiztegi, sintaxi eta gramatika aldetik. Beraz, erkaketa fidagarria eta zehatza nahi badugu egin, beste hizkuntza batzuekin edozein alderaketa egiteko orduan aitzineuskara bere eboluzio fase ezberdinetan kontuan izan behar dugu, gaur arte, Lakarra eta Trask-en arabera, gutxitan egin dena.

 

 

 

Elkarbanatu orrialde hau!

 

 

 

 

Euskararen Historiak hurrengo orrialdean darrai >> Aitzineuskal mintzaira