VIII. mendean, asturiarrak, erresuma bisigodoaren oinordekoak, Euskal Herriko Dukerria menperatzen amaitu zuten frankoen eraso jarraien anabasaz baliatuz, euskaldunen lurraldeak hego-mendebaldetik erasotzen hasi ziren, Kantabria eta Bardulia ("mugaldeko lurra"), antzinako Gaztela, asturiarren eta euskaldunen arteko guda-zelai bihurtuz. Asturiarrek, Nerbioi ibairaino, Bizkaiko Enkarterriak eta Arabako ipar-mendebaldeko muturra konkistatzea jadetsi zuten. Asturiarrek Enkarterriak kolonizatzea lortu zuten bitartean, Araban konkistaturikoak ezin izan zuten kolonizatu. Euskal Herrian asturiarrak ezin izan ziren gehiago zabaldu. VIII. mendean arabiarrak egungo Euskadiko hego-erdia menperatzen zuten, Arabaren zati haundi bat sarrazenoen esku zegoelarik.

Artean aurkituriko K.o. IX. mendeko hilarria (Bizkaia)Karlomagnok, Euskal Herriko Dukerria menperatzean, asturiar menpekotasunetik libre zeuden Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde euskaldunak, edozein gobernutik deskonektaturik geratu ziren, eta bertoko buruzagi euskaldunek lurralde hauen gobernua hartu zuten, mendebalderantz Asturiasko Erresumari eta, hegoalderantz, arabiarrei aurre eginez.

Erdi Aroko legendazko-kontakizun batzuen arabera, Bizkaiak bere burujabetasuna IX. mendean lortu zuen, Padurako batailan, zeinean bizkaitarrek Ordoño I.a asturiar erregearen osteak garaitu zituzten. Era honetan Bizkaiak aurre hartu zion Gaztelari tradizio euskaldunekin zerikusi gehiago zuen burujabetasun bat lortzen, germaniar ohituradun erresuma bisigodoa berpiztu nahi zuen asturiar monarkiarekin baino. Bere lehen jauna, kontakizun hauen arabera, Otsoa Orti iruindarra izango zen, Jaun Zuria bezala ere ezagutua.

Garai honetako datu urri dagoenez, eztabaida haundia dago Padurako batailaren egiazkotasunari, eta Jaun Zuriaren nortasunari buruz. Gertakariok antzinako euskal erlijioan murgilduta zeuden kontakizunetan oinarritzen baitira. Dakigunez, beste altxamendu batzuen artean, Ordoño I.aren eta Alfontso III.aren erregetzan ere, euskaldunak asturiar menpekotasunetik askatzeko matxinatu ziren, baina ez da existitzen Padurako batailaren inolako frogarik, ez eta garai honetako Bizkaiko independentziarena, beharbada asturiarren aurka altxatutako euskaldunen matxinada batek sortarazitako legenda bat izan liteke. Historialari gehienek Bizkaiko lehen jaun historikoa bezala Eneko Otsoitz jotzen dute, zeina XI. mendean bizi eta Otsoitz-Haroko etxea sortuko zuen.

Daukagun datuen arabera, Eneko Enekoitzek Iruñeko Jaurerria sortu eta gero -gerora erresuma bilakatuko zena-, iruindarrak Euskadi eta Gaztelako lurradeetan eragiten hasi ziren. IX. mendearen erditik aurrera asturiar menpekotasunaren aurkako euskaldunen altxamenduak ematen dira eta, hurrengoko mendeko testuetan ikus dezakegunez, lurralde hauetako buruzagiak iruindar koroarekin zuzenki ahaidetuak zeuden. Iruindar eraginok, kulturalki antzekoak ziren eremu geografiko honetako lurraldeekiko, XI. mendean, Nafarroako Antso Nagusiaren erregetzan burutuko ziren, iruindar koroara lurralde hauek anexionatuz.

 

 

 

Elkarbanatu orrialde hau!

 

 

 

 

Euskal Herriko Historiak hurrengo orrialdean darrai >> Naiarako Erresuma